Rassemblement National-a Frantses Estatuan boterera heltzea den berehalako arriskua ikusiz, eta jakinez egoera honek nolako arriskua suposa dezakeen etxebizitza eskubidea eta elkartasun soziala oinarri duten politiken kontra, Aldak bere kideei eta laguntzaileei dei egiten die larunbat honetan, ekainaren 15ean, Baionan egingo diren RN-ren kontrako bi elkarretaratzeetan masiboki parte hartzera. Lehen elkarretaratzeak sindikatuek aitzinatze sozialaren alde manifestatzeko dei nazionalari erantzuten dio eta 11:00etan izanen da Baionako geltokitik hurbil den Santa Urtsula plazan. Bigarrena Auzolan Etxebizitza eskubidearen Egunaren barnean antolatu da, 18:30ean Patxa plazan izanen da eta ondotik kontzertuak izanen dira Nat eta Watson, Andoni Olkoiegi, Pog Mahone – Tribute The Pogues eta Main Courante taldeekin.
Ipar Euskal Herriko jendarte eta klase herrikoietan egunero lanean dabilen Aldaren iduriko, gaur egungo egoera eta RN-k atera dituen emaitza paregabeak ez datoz ustekabean. Beren gisa utziak izaitearen eta injustiziaren sentimendu geroz eta handiagoak, zein entzunak eta okerrago dena, errespetatuak ez izatearen sentimenduak, jendea bultzatu du pixkanaka pixkanaka, bere haserrea eta sufrimendua eraginkorrena iduri zuen bozka papera hartuz adieraztera.
Emmanuel Macronek Diputatu Biltzarra desegiteak RN taldea mekanikoki boterearen atarira darama. RN bozkatzeak ematen duen eraginkortasun irudia luzarorako azkartzen du. “Goizez RN bozkatzen dut, eta arratserako, 577 diputatu kanporatuak dira! Hau da hau boterea berreskuratzea!”. Hutsegite larri bat da hau, bai politikoa eta bai morala. Lehendakariak RN-ren gorakadan duen ardura izugarri emendatu du: erretreten erreforma injustua bortxaz pasaraztetik, herri xehearekilako mespretxu agerikoraino, zerrenda luzea da.
RN uztailetik goiti boterera igotzeko aukera berehalako eta aurrekaririk gabeko mehatxua da Herrian bizi ahal izateko eskubidearen kontra zein gure elkartasun sistemen kontra. Izan ere, RN-k ederki daki aberatsenen alde jotzen, adibidez Aberastasunaren Gaineko Zergaren (ISF) itzuleraren kontra eginez Errepublikarrekin eta Macronistekin batera, eta haien bozkek eta programak zuzenki jotzen dute herri xehearen interesen kontra etxebizitza politiken arloan.
Herrian bizitzeko eskubidea arriskuan
Denbora laburrerako alokatzen duten etxejabeek zerga oinarriaren apaltze injustu eta zentzugabea dute, horrela hiru urteko alokairu kontratuak proposatzen dituztenekiko abantailak eskuratuz. Echaniz – Le Meur lege proposamenak zerga apaltze hauek ezabatzea du helburu, eta lege proposamen honi buruzko eztabaidan zehar, RN-k argi erakutsi du Airbnb lobby-aren morroi eta menpeko dela. Uztailean legebiltzarreko gehiengoa erdiesten baldin badute, berehala oztopatuko dituzte orain arteko aitzinamenduak: hots, etxe anitzen jabeek egin iruzurren kontrako zigorrak gogortzea eta bigarren etxebizitzen eraikuntza mugatzea xede duten neurriak. Airbnb-en kontrako konpentsatzio neurria bezalako babesak ere gibelera botatzen ahalko dituzte. Bestalde, RN gobernura heltzeak lanjerean ezarriko luke 2025etik goiti Ipar Euskal Herrian alokairuen kontrol edo mugatze azkartua plantan emateko aukera, eta beraz, alokairuen emendatze eroaren mugatzeko aukera.
RN-k Kasbarian Bergé lege Macronistaren alde bozkatu zuen: salmenta bidezko etxe-kanporatzeen biktima diren eta beste etxebizitzarik topatu ezinez kontratua bukatu eta gero ere bertan egoten diren fede oneko etxetiarrak (hots, haien alokairua beti ordaindu dutenak) zigortzen ditu lege honek. Beraz, RN boterean bada Euskal Herrian dramatikoa den etxe-kanporatzeen arazo honetan argi da gibelatzeak izanen direla.
Horrez gain, RN-k Ipar Euskal Herriarentzat bereziki lanjerosa den lege proposamen bat dakar. Gaur egun, SRU legeak 3500 eta 75000 biztanle arteko herriei haien etxebizitzetan bederen %25 sozialak izatera behartzen ditu. RN-ren lege proposamenean, 75000 biztanletik goitiko herriak soilik lirateke behartuak, beraz Ipar Euskal Herriko herri bakar bat ere ez. RN-a boterera heltzeak hemengo etxebizitza sozialen sorkuntza oztopatuko luke, herriak ez bailirateke gehiago horretara behartuak. Jakinez etxebizitza sozialen eskasiak goia jo duela (11 eskaeren artean etxe esleitze bakarra!).
Elkarretaratzea larunbat hontan 18:30ean
Aldak etxebizitza eskubidearen aldeko egun bat antolatua zuen larunbat honetako ekainaren 15eko, eta, arrazoin horien guzien gatik RN-n kontrako elkarretaratze zabal batetara deitzea erabaki du, 18:30ean Patxa plazan Baionan. Etxebizitza eskubidearen aldeko borrokan parte hartzen duten hainbat eragilek hitza hartuko dute. Mobilizazio kolektibo bat abiatuko da RN-ari botererako bidea mozteko eta gure etxebizitza eskubide indibidualaren eta Herrian bizitzeko eta aloitzeko dugun eskubide kolektiboaren babesteko ahalen lortzeko. Saldo handian parte har dezagun elkarretaratze hortan bai eta ere RN boterera heltzearen kontrako mobilizazio orokorrean.
Denen artean, ez dezagun utz RN-a boterera heltzen!!!
Mobilizazio orokorra, berehalakoa eta deliberatua, askatasuna, elkartasuna eta Herrian bizitzeko eta aloitzeko eskubidearen babesteko!