Habas-La-Plaine
Laster habas-la-plaine-eko auzoko kafe epizeriaren hestea: hurbileko saltegiak gure auzoetan!!!
Sobera auzo herrikoiek sufritzen dute ber eskasia nabarmenaz: hurbileko saltegien falta osoa edo ia osoa. Horrek inpresioa emaiten du auzo horietako biztanleak kontsideratuak direla bigarren mailako herritarrak bezala. Ez dituzte Ipar Euskal Herriko beste biztanleen ber eskubideak, oinarrizko bizitza sozial bati dagokionez.
Habas-la-plaine-eko auzoko kafe bakarraren heste hurbila
Habas-La-Plaine hartu dezagun adibide gisa: tabako eta janaria ere saltzen duen auzoko kafe bakarra hetsiko da, eta ez da ordezkatua izango, ez bederen ostatu eta lagun arteko gune bezala. Janari denda baten irekitzeko asmoa aipatzen da. Baina, Habas-La-Plaine auzoaren egoera normalatzat eman daitekea? Zoritxarrez egoera hori Baionako auzo herrikoi askoren parekoa da. 2500 bizilagun baino gehiago eta ez da ez eta ere okindegi bakar bat ere. Ostatu bakarra dago, baina laster desagertuko da. Ez da supermerkatu txikirik, ez eta ere prentsa saltegirik, ez eta hiri erdian edo barnekaldeko herrietan aurkitu daitezken hurbileko komertziorik.
Alta herri txiki horietako bitanlegoa Habas-La-Plainekoari konparatzen bagenu askoz txikiagoa dela ageri zaigu.
Beste lekuetan nola egiten dute?
Urketa hartu dezagun adibide gisa, ez dena ez eta ere kantonamenduko herri nagusia. Bere 2375 biztanleekin Habas baino bizilagun gutxiago ditu: tabako-egunkari-ostatu saltegi bat, okindegi bat, astean egun batzuetan irekia den posta gune bat, pizza salgune bat, farmazia bat, bi kinesiterapeuta kabinete, bi osteopata, erizain kabinete bat, ileapaindegi bat, supermerkatu bat, ezantza salgune bat eta jatetxe bat!
Edonor joaten bada hegoaldera ageri den desberdintasunarekin talka eginen du: han, Habas-La-Plaine gisako eraikinen azpikalde orotan mota guztietako komertzioak aurkitzen dira: ostatu, harakin, barazki eta fruitu salmenta gune, okindegi, liburudenda etab. Eta horrek gauzak asko aldatzen ditu.
Bizi sozial aberatsagoa
Auzoek horrela erregularki elkar gurutzatzen dute erosketak merkataritza gune handi anonimoetara joan gabe haien auzotegian berean eginez. Elkarren ezagutza egiten dute, erregularki trukatuz eta auzotegiko berriak elkarri emanez. Lotura sozialaren, herritartasunaren, halako erkidego eta norberaren auzotegiarekiko, eta hiriarekiko, ardura kolektibo sentipen baten oinarria bera da. Bistan dena, ostatuak, prezio apaleko herri jatetxeak baldin badira, lotura sozial hau, herritarren arteko hurbiltasuna azkarragoa baizik ez da izanen eta lagun giro kolektibo aberats bat sortuko da.
Eta anitzez ekologikoagoa da ez baitute haien autoa gehiago hartu beharrik ogia edo egunkaria erostera joateko.
Ohetegi auzotegi edo bizi guneak?
Aldak herri auzotegietan burutu inkestak azpimarratzen du jendarte on eskasa zoin heinetaraino arazo handienetakoa bilakatu den bertako bizilagunentzat. Ez da harritzekorik ikusten dugularik ikaragarriko desberdintasuna Euskal Herriko herri edo hego Euskal Herriko hirietako auzotegiekin.
Eta Habaseko San Juan tabako bulegoaren hestearekin ez ote zaigu funtsezko galdera hau pausatzeko parada ezin hobea eskainia? Ohetegi auzotegiak edo bizi guneak nahi dituguia? Eta zer egiten dugu azken hautu hau gauza dadin?
Berripaperari harpidetzen naiz