Aldaren adimen kolektiboak eta ekintzak, hilabetean 1290 euro irabazten dituen eta arrangura gutiko asurantza egile baten biktima izan den langileari, hilabetean 70 euro eta laster 107 euro gutiago gastatzea ahalbidetu dute!

Martxoaren hasieran, Mehdi (izena aldatua izan da) Aldari hurbildu zaio zeren behar zuen bere alokairu apaleko bizitoki edo HLM-etako galde txostena arraberritu. Mehdi ez denez administrazio txostenekin aise ari, beldur zen zerbaiten ahanzteaz eta bere txostena baztertua izaiteaz.

Ondorioz, Mehdi Aldaren permanentziara hurbildu da, Gaskoinen plazako 25. Bertan, bere alokairu apaleko bizitokietako bizitegi galde txostenarentzat laguntza ekartzen geniola, bere egoera orokorraz hitz egin dugu harekin eta ohartu gira biziki kario ordaintzen zuela bere autoaren asurantza: 159,30 €  hilabetero hots 1 911,60 € urtean! Jakinez Mehdik hilabetean 1290 € irabazten dituela, bere irabazien %12 baino gehiago da.

Abusatzen duen asurantza konpainia

Bere kasua ikertu dugu eta ondorioztatu dugu bere asurantza kontratua ez dela batere egokitua bere egoerari:  Mehdik badu 10 urte dituen Peugeot 206 bat (2011ko martxokoa) eta proposatua izan zaio arrisku orotako asurantza. Eta gidari gaztea denez, oraino karioago da. Mehdiren kasua beregain hartu duen asurantzako artekaria Mehdik asurantzetaz deus ez zekiela bezalako paradaz baliatu da erabateko proposamenak egiteko. Aldak berehala askoz kontratu merkeagoa egiten zuen asurantza berri bat atzeman dio, baina, zoritxarrez, sobera berandu da gibelera egiteko, eta goizegi asurantzaz aldatzeko. Kontratuaren 12 lehen hilabeteetan – 2021eko abendua arte – legalki, hilabetero, 159,30 € ordaintzea behartua da.

Kolektiboaren indarra

Alda, «asurantzen gaiaz zerbait dakien» elkartearen hurbileko norbaitekin harremanetan jarri da eta Mehdiren kasua aipatu dio. Laster, egoera berezi horri aurre egiteko bide bat atzeman du. Bere aholkuak jarraituz, Aldak eta Mehdik gutun artamendatu bat bidali diote asurantzari. Bertan asurantzen kodearen L113-4 artikulua gogoratu diote, kontratua aldatzeko eta besteekiko sortu kalteen konduan hartzeko garantiara pasatzeko eskaera luzatuz. Aldaketa hori egin ezean, izan ere, kontratua salatu eta dirua itzultzeko eskatuko ziotela jakinarazi diote asurantzari. Afera ez da luzatu! Egun bakar batean asurantzak onartu du galdegina izan zitzaion aldaketaren egitea. Kontratu berri bat ireki du besteekiko sortu kalteen konduan hartzeko garantiarekin, hilabetean 89€rentzat. Horrek Mehdirentzat 70€ ekonomia egiten ditu hilabetero, jakinez azken honek 1290 € irabazten dituela hilabetean! (*)

Kasu honetan argiki ikusten dugu ekintza kolektiboaren interesa bai eta auzo herrikoien zerbitzuko den Alda bezalako elkarte baten interesa.

Sobera usu, bankuak, asurantzak, jabeak, administrazioa  eta beste ainitz…  bakartuetaz, ahuletaz edo beren dretxoak ezagutzen ez dituzten pertsonetaz baliatzen dira. Kolektiboki antolatuz, bakarrik irudikatzen ez ditugun aterabideak aurkitzen ditugu. Eta segidan entzunagoak eta serioskiago konduan hartuak gira, bai eta ere kezka sortzen dugunez, errespetatuak, gaur egungo sistemaz probetxu tiratzen duten hainbatetaz.

Elkarrekin indartsuago gira!

Zuek ere lagundu Aldaren ekintza eta lana indartzen: https://www.alda.eus/eu/alda-kide

(*) Mehdi-rentzat jadanik ekonomia inportantea da, eta urrunago joaiteko, Aldak lagunduko du gaur egun duen kontratuaren bukaeran asurantzaz aldatzen, kontratu oraino merkeago baten ukaiteko, 52€-tan hilabetero, Aldak egin dituen lehen ikerketen arabera. Ondorioz, Mehdik, Aldaren ekintzari esker hilabetero 107€ gutiago gastatuko ditu! Zuek ere pentsatzen baduzue Mehdiren egoera berdintsuan zireztela edo ezagutzen badituzue jende batzu ber egoeran direnak, deitu Alda telefonoz 07 78 99 62 84 zenbakia erabiliz, edo idatziz info@alda.eus helbidera edo Aldaren permanentzian pasatuz Gaskoinen plazako 25. Baionan.