Doi-doia urte bat sortu eta gero, Alda indartzen eta berrantolatzen da!
Urriaren 9a, larunbata, Baiona – Doi-doia urte bat sortu eta gero, jendarte eta auzo herrikoien defentsarako Alda mugimendu berria, bere biltzar nagusiaz baliatu da bere taldeak berriz antolatzeko eta sendotzeko. Helburua da elkarteak aurre egin behar dien eta handituz doazen aktibitate eta galdeei hobeto erantzutea. Txosten morala onartzeak urtebeteko jarduera bizia eta bihotz pizgarriak diren lehen garaipenak nabarmendu ditu. Sekulan baino gehiago, Aldak uste du gauzak aldatzea posible dela!
Jendarte eta auzo herrikoietako bizilagunen defentsarako mugimendua den Aldak bere lehen kandela ufatu du larunbat honetan Zizpa Gaztetxean, urtebete lehenago sortu zen gunean. Biltzarrak urte bizi eta emankorraren bilana egin du nahiz eta, bi konfinamenduekin eta etxeratze aginduarekin, testuinguru bereziki zaila izan.
500 galdeketa egin dira “Eta gauzak aldatzen balira?” inkestaren karietara, Baionako auzo herrikoi desberdinetako biztanleen arazoak, beharrak eta nahiak identifikatzeko xedearekin. Alda kazeta hiru hilabetetarik behin banatzen da 20.000 aletan, ber auzo herrikoietako etxebizitza bakoitzaren ate aitzinean. Apirilean, mugimenduak lokal bat ireki du Gaskoien Plazan eta ordutik, Aldak defendatzen, laguntzen edo gidatzen dituen zailtasunetan diren pertsonei harrera egiten die: sanotasun eskasia, isolamendu termiko, oheetako zimitzak bezalako arazoak dituzten alokatzaileak, beren etxebizitzatik kanporatuak izaiteko prozeduren biktima diren pertsonak, edo urteetan etxebizitza soziala itxoiten ari direnak, hamarkadetan bertan bizi diren eta ezin naturalizatuz ari diren etorkinak, enpresen edo hainbat konpainien gehiegizko kontratuetan harrapatutako biktimak…. Xebax Christy elkarteko lehendakariordeak azaldu du “Klase herrikoi hauetan etxebizitza arazo nagusia bilakatzen ari da, arazo honen funtsezko arrazoiak jorratzea erabaki dugu, ez soilik haren ondorioak. Aldak egoeraren diagnostikoa egin du, eta bost larrialdi eta proposamen zehatz plazaratu ditu. Emaitzak biltzen hasia den kanpaina abiatu dugu, Airbnb bezalakoen bidez gero eta gehiago behin betiko turismorako etxebizitza mublatutan aldatuak izaiten diren etxebizitzak tokiko biztanleentzat urte osoan alokatzeko etxebizitza gisa babesteko,“
«Angelu, Miarritze, Urruña, Hendaia, Hazparne, Kanbo, Uztaritze eta abarreko biztanleak hurbiltzen zaizkigu. Astero neurtzen dugu zenbat falta zen Alda bezalako elkarte bat” estimatzen du Ainize Butron erakundeko lehendakari orde hautatu berriak:” Azken hilabeteetan lortu ditugun lehen garaipenek hori erakusten dute: bakarrik kolektiboki antolatzean lortzen dugu gure ahotsa entzun araztea eta gure eskubideetan eta gure duintasunean errespetatuak izaitea bermatzea!”.
Biltzar Nagusiak txosten morala eta ekonomikoa onartu ditu eta Aldaren Administrazio Kontseilu berria hautatu du (1). Era berean, elkartea berrantolatu du, etengabe goiti doazen jarduera eta eskaerei aurre egiteko. Administrazio Kontseiluak koordinatuko dituen lau lantalde sortu dira:
- “Alda kazetaren banatzaileak” taldea, aldizkariaren banatzaileen sarea koordinatzeko.
- “Egun guzietako borroken” taldea, jasaten dituzten bidegabekerien edo arazoen aurrean laguntza eskatzen duten pertsonen laguntzeko edo orientatzeko.
- “Etxebizitza kanpaina” taldea, Aldak etxebizitzari buruz daraman kanpaina, bere ekintza eta bere iniziatiba ezberdinen koordinatzeko eta animatzeko.
- Auzo bateko biztanleen “Auto-antolaketa kolektiboa” taldea, auzoko zenbait arazo edo behar kolektibori aurre egiteko eta aitzinatzeak eta aterabideak lortzeko edo eraikitzeko.
“Argi eta garbi ikusten dugu ofentsiba soziala prestatzen ari dela, Covid osasun krisiari jarraipena emango diona, eta biztanleek jada jasaten dituzten zailtasun izugarriei gehitzen zaiena. Aldaren berrantolaketaren helburua erronkari erantzuteko heinean ezartzea da: fatalismotik ateratzea eta erakustea etxeen merkatuaren lege gupidagabearen, eskrupulurik gabeko enpresa baten edo bihozgabe eta gogo hertsiko burokrazia administratibo baten aurrean ez girela amore ematerat kondenatuak. Aitzinetik galduak diren borroka bakarrak, eramaiten ez ditugunak dira.” bukatu du Malika Peyraut mugimenduaren koordinatzaile nagusiak.
(1) Aldako Administrazio Kontseilu berria honako hauek osatzen dute: Malika Abidallah, Mohamed Boujlal, Ainize Butron, ko-lehendakaria, Aurélien Carrodano, Catherine Chantecaille, Xebax Christy, ko-lehendakaria, Magali Etcheverria, Txetx Etcheverry, Imanol Hazarca, Corentin Leclerc, Nerea Peponnet, Malika Peyraut, koordinatzaile nagusia, Emma Tosini