Baionan, urriaren 8an – Larunbat honetan, urriaren 8an, beren Biltzar Nagusiaren karietara, Aldaren kideek, auzo eta jendarte herrikoien eskubideen defentsarako elkartearen bigarren urtearen bilana egin dute. 357 familia eta pertsona lagunduak, hainbat egoera konponduak izan direlarik, baina baita ere garaipen orokorrak, hala nola konpentsazioa edo iruzurrezko alokatze kontratuen kontra borrokatzeko Batzordearen sortzea,… Aldak bere izenarekin koherentzia duela frogatzen du: antolatuz, gauzak alda ditzakegu!
Zinezko eskala aldaketa
Aldaren Biltzar Nagusia iragan den urtearen bilan harrigarriaren egiteko parada izan da (1). Aldak lagundu dituen jendeen lekukotasunek agerian eman dute jendeen defentsa antolatzen duen erakundearen balio zehatza. Alabaina, 2021eko irailetik 2022ko irailera, Aldak 357 familia eta pertsona lagundu eta sustengatu ditu: gaitzeko lana izan da zeren usu arazo horiek hainbat aste edo hilabeteren jarraipena galdatzen dute. Aitzineko Biltzar Nagusian, urteko bilanan, 60 familia edo pertsona lagundu zituen Aldak: eskala aldaketa handi horrek erakustera ematen digu injustizia edo arazoak pairatzen dituzten pertsonek Alda baliabide erangikor bezala ikusten dutela.
Horrez gain, Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoera aldatzen hasiko duten beste bi garaipen lortu ditu Aldak: bata, konpentsazio neurriaren bozkatzea (neurri horrek ezinezkoa bilakarazten du, behin betiko urte osoan alokatzeko diren etxebizitzak mublatu turistiko bihurtzea) eta bestea, iruzurrezko alokatze kontratuen kontra borrokatzeko Batzordearen sortzea.
Urte osoan zehar, etxeen salerospen arloko hainbat profesionalen, eskrupulurik gabeko jabeen edo etxe-agentzia ustelen, SFR eta Airbnb bezalako enpresa handi edo multinazionalen praktika ilegalak eta gehiegizkoak, edo administrazioaren zentzugabekeri zonbaitzu, salatu ditu Aldak eta horien kontrako ekintzak bultzatu. Eta horrek gehienetan, emaitzak lortzea ahalbidetu du.
Eskala aldaketak ez ditu bakarrik erdietsi aitzinapenak hunkitzen baizik eta elkartearen garapena bera ere. Alda aldizkaria 20.000 aletatik 35.000 aletara pasatu da eta Hendaiatik Mauleraino, Iparraldeko auzo herrikoi eta HLM guzietan banatua da orain. 2021eko Biltzar Nagusiak auzo batzuetako biztanleen auto-antolaketa lanaren bultzatzea erabaki zuen. Delibero honek fruituak ekarri ditu: bi biztanle kolektibo sortu dira Baionako Cam de Prats eta Habas HLM auzoetan. Biztanle kolektibo horien sortzaileetan diren hainbat emazte oholtzako mintzalekutik jadanik erdietsi aitzinatzeak eta auzoetako bizimoldearen hobetzeko aldarrikapenak azaldu dituzte. Azkenik, Aldaren kide kopurua 4 aldiz biderkatu da, 100etik 400 baino gehiagotarat pasatuz urte batez.
HLMtako hauteskundeen erronka
Alda Biltzar Nagusiaz baliatu da azaroaren 16tik abenduaren 6ra iraganen diren HLMtako alokatzaileen ordezkarien hauteskundeetarako kanpainari hasiera emateko. Lehen aldia izanen da Aldarentzat, hauteskunde horiek 4 urtetatik baitira. DAL edo Etxebizitza Eskubidea Federazioaren kide gisa, Aldak bi zerrenda aurkeztea lortu du Iparraldean diren bi alokatzaile sozial indartsuenen baitan: Habitat Sud Atlantic eta Office 64. Aldaren hautagai bat DALen Estatu mailako zerrendaren barne izanen da ere, CDC Habitat-aren baitan. Hautagaiek, denak HLMtako alokatzaileak, biztanleen artean egin hainbat ikerketa eta iritzi trukaketekin, bai eta Aldaren permanentzietan bildu lekukotasunekin eraiki duten programa Biltzar Nagusian, aurkezteko parada ukan dute.
Azaroaren 21ean, astelehenez, etxebizitzari buruzko ohiz kanpoko hitzaldia iraganen da Baionako Glain gela handian. Hor izanen dira Cécile Duflot, Oxfam-eko zuzendaria eta Etxebizitzaren Ministro ohia, François Ruffin diputatua, kazetaria eta saiakeragilea, Sarah Coupechoux, Abbé Pierre fundazioaren Europa mailako arduraduna, edo oraino, Jean-Baptiste Eyraud «Babar» DAL-en bozeramailea eta sortzaileetarikoa.
HLMtako alokatzaileek Aldari konfiantza ematen badiote, elkarteak hautetsiak ukanen ditu eta hainbat instantzia eta komisioetan sartzeko parada izateaz gain, pribatuan eta HLMtan diren alokatzaileen defentsarako elkarte gisa duen eraginkortasuna eta zilegitasuna indartuak ikusiko ditu tokiko eta estatu mailako solaskideekiko.
2023an, segi aitzina!
Biltzar Nagusiak Administrazio Kontseilu (2) berria hautatu du eta Aldaren Kontseilu Estrategikoa martxan ezartzea ere ofizializatu du, azken hau lantze estrategikoaz arduratzen den organoa da eta auzoetako kolektibo, erabiltzaile eta komisio ezberdinetako arduradunak biltzen ditu.
Ondoko urteko gidamarkak ere ezarri ditu:
- herritarren kontrabotereak indartzea, bereziki auzoetan hasi den autoantolakuntza kolektiboa eta etortzekoa den HLMtako alokatzaileen ordezkaritza garatuz.
- 3 urtean higiezinen merkatua sanotzea: lortu diren aitzinatzeak lehen urratsak dira, eta mobilizatzen segitu behar da denentzat herrian bizitzeko eta aloitzeko eskubidea bermatzeko! Biltzarrak, elkartearen aldarrikapen eta mobilizazio helburuak zehaztu ditu etxebizitzaren arloan.
- eta Aldak jadanik bere laguntzaile guziei hitzordua finkatzen die «Se loger au Pays-Herrian Bizi» plataformak apirilaren 1ean, larunbatez, antolatzen duen manifestazio handian.
- gero eta gehiago etortzen diren galdeei buru egitea, zeren krisi sozialak eta lekukotasun ezberdinek aitzin ikusarazten digute laguntza galde hauen kopuruaren izigarriko emendatzea datorren urtean.
- elkartearen antolaketa eta bitartekoak indartzea, gero eta eraginkortasun handiagoz berma ditzan elkartasun zehatza eta auzo eta jendarte herrikoietako biztanleen defentsa.