Ostirala, ekainaren 2 honetan Aldaren 40 bat militantek hondartza txiki bat instalatu dute ekintzarako Lahonce-sur-mer izendatua izan den Lehuntzeko auzoan, leihoak itxiak dituen apartamendu baten aitzinean. T3 apartamendu horren alokairuaren 600 euroko emendatze gehiegizkoa eta legez kanpokoa salatu nahi izan dute horrekin Lehuntze barne den tentsio peko eremuan kokatuak diren Ipar Euskal Herriko 24 herritan indarrean dagoen berriz alokatzeko alokairuen mugatzea urratzen baitu. Aldak Lapurdi kostaldean eta Lapurdi barnekaldean gero eta zangopilatuagoa den legea errespetaraztea deitzen ditu botere publikoak. Maizterren defentsarako elkarteak alokairuen mugatze sinple hori hertsiki errespetarazteko asmoa du. Gai horri begira beste ekintza batzuk egiteko asmoa iragarri du, eta auzitegirako deiak egiteko asmoa ere.
Lehuntzeko Condisteguy karrikako apartamendu honen aitzinean, ekainaren 2 honetan goizeko 11etan, agertu zaigun irudia ez da ohikoa. Etzaulkiak, bainu oihalak, luxuzko turistak bainu jantziekin edo bainu soinekoekin, eta uhain eta antxeta edo marloi txioen harrabotsez giroturiko soinua lagundurik, Alda elkarteak hondartza txiki bat antolatu du zintaz, afitxaz eta banderolaz estalia den T3 horren aitzinean. Bertan argiki adieraziak dira aldarrikapenak: «etxebizitza orain», «Herrian Bizi nahi dugu», «Alokairu igaite ilegalari ez». Humorea da nagusi, baina, determinazioa eta kexua argiki ageri dira ere.
Lahonce-sur-mer (Lehuntze-Itsas-gainean)
Auzo hori Lahonce-sur-Mer berriz batailatuz, maizterren defentsarako elkarteak legez kanpokoab den eta gehiegizkoa zaion T3 horrentzat joan den martxoan gertatu den 600 euroko alokairu emendatzearen aurka jo nahi du. «Jabeak T3 horren alokairua 840 eurotik 1420 eurora pasa du, Lehuntzen eta tentsio pean dagoen zonalde guztian indarrean dagoen berriz alokatzeko alokairuen mugatze dispositiboa urratuz. Gainera maizter berriei alokairu horren prezioa baino hiru aldiz altuagoa den soldata eskatzen die!» salatzen du Ainize Butron Aldako ko-lehendakariak, eta gehitzen du ere: «Nizan bizi denez, beharbada Lehuntze eta Kosta Urdina nahasiko zituen. Ez dugu utziko tokiko biztanleak etxebizitza izatearen aukeratik baztertuak izatea!».
Alokairuen mugatzea errespetarazi
Militanteek auzoko gutun hontzietan egoera salatzen duen trakta banatu dute. Esku orri horretan azaldua da ere «Lehuntzen eta tentsio pean dauden Iparraldeko beste 23 herrietan berriz alokatzeko alokairuen mugatze neurriak kontratua berritzen delarik edo maizter aldaketa gertatzen delarik IRL indizetik at emendatzea debekatzen du. Neurri hori etxebizitza zaharrak babesten ditu eta alokairuak zentzuzkoa den maila batean mantentzen ditu. Dispositibo hori ez balitz indarrean egungo etxebizitzaren egoera oraindik larriagoa eta kontrolarik gabekoagoa izango zen. Horregatik Aldak neurri hori errespetatua izatea kasu eginen du eta horretarako ekintzak egin edo dispositiboa errespetatzen ez duten jabeak zein higiezinen agentziak epaitegira deitzen ditu».
Botere publikoei Aldaren deia eta oharra
David Hugla Lehuntzeko auzapeza laster hurbildu da. Aldaren militanteen gaitzidura ulertzen zuela jakinarazi du eta alokairuen mugatze sinplea errespetatua izatearen alde engaiatu da bai T3 horren kasuari begira baina baita bere herriko etxebizitza guztietan ere. Militanteek inprobisatua zuten hondartza utzi dute parodia horri jarraipena emanen zitzaiola zin eginez. «Ez dugu berriz alokatzeko alokairu mugatze urraketarik onartuko. Aditzaile onari hitz guti!»
Argi da behintzat T3 hori ezingo dutela oraindanik gehio alokatu 840 eurotik gora.
Alda, 2023ko ekainaren 2an