Hiru orenez, kantu, bertsu eta hip hop dantzak izan dira, lekukotasun eta hitz hartzeekin tartekaturik. Mohamed Boujlal-ek ekitaldia abiatu du Madi Fat bezalako kantu batzuekin, eta Hegoak kantuarekin Abdellah bere semearekin. Aitor Servier eta Nahia Sasco bertsolariek Aldaren etorkizuna aipatu dute eta mundu humanoago eta justuago baten sorreran ukanen duen ekarpena. Ondotik rap kantari eta hip hop dantzariak txandaka aritu dira egoitzaren aitzinean.
Mireille Saint Macary, 1971tik Gaskoien plazan bizi denak ongi etorria eskaini dio Aldari Sainte-Croix auzora, lehen ZUPa txikia deitua zena: “Elkarteak ez zuen leku hobeagorik hautatzen ahal bere egoitzarendako”.
Emma Tosini, mugimendu berriko bozeramaile gazteak oroitarazi du Aldak eramaten duen lan sutsua sortu denetik, nahiz eta egoera sanitarioa zaila izan den: Baionako auzo eta biztanleen bozgoragailua izan nahi duen aldizkaria hiru hilabetero 20 000 aletan banatua, zailtasunetan diren pertsonen harrera eta entzutea, inkesta bat biztanleei buruz, eta auzo bakoitzetako arazo berezien ikerketa sakona. Desiratu du egoitza “komunitatearen zerbitzurako tresna gehigarri bat izan dadin, beren bizi baldintzen degradazioa onartzen ez duten klase herrikoi eta ertainendako, izan daitezen sozialak, ekologikoak, edo sinpleki humanoak. Etorkizuna ez dadin gertatuko dena izan, baina eraikiko duguna!”
Xebax Christy elkarteko ko-lehendakariak sakondu ditu Aldak zailtasunetan edo injustizien biktimak izan diren pertsonen zerbitzuko eramandako borroka konkretu batzuk, maiz garaipen batekin bururatu direnak, agerian ezarriz ekintza kolektiboaren interes eta eraginkortasuna: mobilizazioa jabe batek apartamendu bat saldu eta alokatzailea kanporatzeko prozedura gelditzeko, laguntza desberdinak asegurantza kontratu baten aldatzeko, gutxi irabazten duen langile batentzat engainatzen zuena, edo elbarritasun egoeran den pertsona bat laguntza duela hamar urte ez ordaindutako alokairu batzuengatik sesitze mehatxuak gelditzea, errekurtsoak naturalizazio errefusa kasu batean, interbentzioak “irabazte apalegiengatik” etxebizitza sozialen errefusen aurka, edo obrak eginarazten sano ez zen apartamendu batean. Xebax Christy-rentzat “ahotik belarrira eta aldizkariaren banaketak ekartzen dute gero eta jende gehiagok badakitela elkartasunezkoa eta eraginkorra den mugimendu berri baten gain kontatzen ahal dutela , gauzen egiazki aldatzeko”.
Kadiri Laaroussi, ZUPen kokatua den Azkar Full Contact klubeko sortzaile eta entrenatzailea estreinaldian zen eta dio “gure auzoek zinez behar duten proiektu bat da Alda, herrikoia, deneri idekia, Azkar klubaren partekatze eta trukatze balore berdinak dituena”.