Baiona, 2022ko martxoaren 5a – Larunbat honetan, martxoaren 5ean, Euskal Elkargoko Kontseiluak, 169 bozek alde eta 8 bozek kontra bozkatuz, onartu du tiran den eremuko 24 herrientzat plantan ematea konpentsazio-mekanismo araudia. Jabeek, orain, ber herrian, azalera baliokideko etxebizitza berri bat eskuragarri eman beharko dute mublatu turistiko gisa eraldatzen den edozoin etxebizitzarentzat.
Alda pozten da hainbat hilabete iraun duen herritar mobilizazioaren ondorio zuzena den aitzinatze handi honek, etxebizitzaren krisian eragin zuzena ukanen baitu, pribatuetatik alokatzekoa den etxebizitza multzoaren ttipitzea geldituz eta milaka etxe eta apartamendu berreskuratzea ahal bidetuz, gehiago betoiztatzeko eta lur artifizializatzeko beharrik izan gabe!
Euskal Elkargoak larunbat honetan, martxoaren 5ean, goizez, bozkatu duen konpentsazio araudiak, xedapen handinahi eta eraginkorrak ezartzen ditu biztanleei beren etxebizitza kentzen dien urte osoko mublatu turistikoen biderkatzea geldiarazteko. Tiran den eremuko 24 herrietako(1) jabeak (pertsona juridikoak zein pertsona fisikoak) behartzen ditu mublatu turistiko iraunkor gisa alokatzen den edozein etxebizitza konpentsatzera, urte osoan alokatzeko emana den etxebizitza berri baten bidez. Azken hau ber herrian izan behar da eta orain arte bizitoki gisa erabilia izan ez den, etxebizitzarako, duina eta guttienez azalera baliokidekoa den etxebizitzaren eraldaketaren fruitua izan behar da. Konpentsazio hori egiteko etxe behereko lokal komertzialak erabiltzeko aukera baztertzen da, tokiko eta hurbileko komertzio ttipien babesteko.
Lankidetza emankorra
Aldak, 2021eko ekainetik(2) geroz konpentsazio-neurri baten hartzearen defentsa egiten duenez, ongi etorria eman dio berriari: «Aitzinatze handia da, jendarte zibilaren proposamenak eta engaiamendua molde eredugarrian, gaur egungo etxebizitzaren krisiari aterabide eraginkorrak emateko xedea duten hautetsi deliberatuen lanarekin. uztartu dituen ekintza baten ondorioa. 2021eko maiatzean, Aldak zenbatze-lan bat egin zuen tiran den eremuan, pribatuetarik alokatzekoa den etxebizitza multzoaren laurdena bere ganatu duen praktika honen garrantzia ikaragarria lehen aldikotz agertuz, eta ekiteko premia argi utziz. Ekainean, lege-ohar bat egin ginuen non azpimarratzen ginuen konpentsazioa zinez aplikagarria zela Euskal Elkargo mailan. Uztailaren 20an Euskal Elkargoarekin egin ginuen lehen bilkuratik geroz, gaur arte, elkarlan-girorik eraikitzaileenean lan egiteko parada ukan dugu erakunde honekin, bere lehendakariarekin, gaiaz arduratzen diren hautetsiekin eta baita zerbitzuekin ere» azaldu du Elkargoko Kontseiluko eztabaidak segitu dituen Xebax Christy-k, Aldako presidenteak, ondokoa gehitu aitzin: “Orain, ezinbestekoa da argitzea neurri honen aplikazioaren kontrola nork bermatuko duen, eta zein bitarteko zehatzekin“.
Garaipen soziala eta aldi berean ekologikoa
Konpentsazioak pribatuetatik alokatzekoa den tokiko etxebizitza multzoa babesten du, biziki zaila ez bada ezinezkoa bilakarazten baitu etxebizitza bat mublatu turistiko batean eraldatzea, eta kasu guzietan bermatzen baitu urte osoan alokatzen diren etxebizitza kopurua berdina egoiten dela. Gaur egungo hamarnaka mila turismorako etxebizitza hornituei ere, 2020 edo 2021ean eskuratu duten 3 urteko erabilpen aldaketaren baimenaren epea bukatuko zaielarik, konpentsazioa ezarria izanen zaie.
Tokiko biztanleriak segitzen ahalko du bere lanetik eta bere ohiturazko aktibitateetatik hurbil bizitzen, jendea akitzen eta nahasmendu klimatikoa areagotzen duten egun guzietako joan etorriak mugatuz. Etxebizitza eskuragarrien emendatzeak eragin positiboa ukanen du alokairuen eta lurren prezioen goititzearen gainean.
Turismorako etxebizitza hornituen garapen garrantzitsuak eragin argia ukan du erosketa prezioen igotzean (bigarren etxebizitza erosteko posibilitatea orain arte ezinezkoa zutenentzat, beraz, eskaintzaren emendaketa, edo, hastapenean pentsatua zen prezioa baino gehiago proposatzeko posibilitatea, erosleek eta bankuek Airbnb motako diru sartzeak kondutan hartzen dituztelako, finantzamendu planoetan). Martxoaren 5 honetan Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu duen konpentsazioak hori oztopatzen du, bankuen eta norbanakoen erabakietan berehala eragina izanez arlo horretan.
“Erabaki handi honek tokiko biztanleria, eta bereziki herrialde honetako gazteak eta jendarte herrikoia, urte osoan zehar aloitzeko erabiliak ziren etxebizitzen desagertzea ondoriotzat duen mublatu turistikoen tsunamia geldituko du. Gainera, milaka etxebizitza berreskuratzea ahalbidetuko du, betoiztatze eta lur artifizializatze gabe: soziala eta ekologikoa den garaipena da». adierazi du Aldako koordinatzailea den Malika Peyraut-ek eta azpimarratu du, “horrek “ez du ezertarako balio, ezin dugu ezer aldatu” etsitze giroari makurrean dela erakusten dio. Aldak biderkatu dituen ekintzek Airbnb bezalako multinazional bat arauen arabera jokatzen hastera behartu dute, bere garapena oztopatuz. Gaur egun, UNPLV motako lobbyek edo zenbait hautetsiek zuzendutako egiazko kontra-ofentsiba izan arren, konpentsazio bozketa honek erakusten du higiezinen espekulazioaren eta diru ahalguzidunaren aitzinean gauzak alda ditzakegula. Sekulan baino gehiago lanean segituko dugu herri honen, bere gazteen eta biztanleriaren sektore ahulenen alde”.
Konpentsazioaren onarpena ospatzeko besta
Alda elkarteak besta antolatzen du larunbat honetan, martxoaren 5ean, eguerditik goiti, aitzinatze honen eta azken hilabeteetan lorturiko beste etapako garaipen batzuren ospatzeko. Dantzak, kantuak, kontzertuak, bazkari herrikoia, edatekoak eta pintxoak izanen dira español Kultur Etxean, Baionako San Izpirituko L’Esté-ko karrika ttipian 2., Atalante ohiaren gibelean. 2021eko ekainaz geroztik,”Herrian bizi! Ez espekulatu!” kanpaina animatu duten militanteen presentziarekin, baita Europar Batasunaren mailan Airbnb kasua jarraitzen duen Sarah Coupechoux, Abbé Pierre Fundazioko Europa mailako kudeatzailearekin.