Ekainaren 15eko larunbat honetan, Aldak Auzolan – Etxebizitza eskubidearen egunaren lehen edizioa antolatu du Baionan. 1000 pertsonatik goitik parte hartu dute ekitaldi honetan, alde batetik etxebizitza arloan lorturiko garaipen kolektiboak ospatzeko, eta bestetik oraino eraman behar diren borroken segida finkatzeko, besteak beste lurren eta etxebizitzen prezioen emendatze bortitzaren kontra. Mintzaldiak, elkarteen herrixka, herri bazkaria… Besta eta borroka uztartu dituen momentu azkarra, Herrian bizitzeko eskubidearen aldekoa, 200 bat laguntzailek aitzinera eramana. Baina baita ere RNren boterera heltzeko arriskuaren kontrako elkarretaratzea, aurrekaririk gabeko etxebizitza eskubidearen kontrako mehatxua baita egoera hau eta.
200 lagunek segitu dituzte ondoko gaiak jorratu dituzten 2 mahai-inguruak: “Alokatzaileak eta jabe tipiak hobeki babestu. Alokairuen arautzea eta berme unibertsala” – “Etxebizitzen eta lurren prezioen gurpil zoroa geldiarazi. Salmenta prezioen arautzea: zergatik eta nola?”. Gai hauei buruzko hainbat adituk hartu dute parte, hala nola Catherine Sabbah, Etxebizitza arloan ekitearen aldeko goi ikasketen Institutuko ordezkari orokorra; Iñaki Echaniz, “Tentsio handiko guneetako alokatzeen merkatuko desorekei aterabidea eskaini” legearen egileetarikoa; Arnaud Portier, Euskal Herriko EPFL-ko zuzendaria; Léa Dallemane, Aldaren etxebizitza soziala batzordeko koordinatzailea bai eta Christophe Robert, Abbé Pierre fundazioko ordezkari nagusia. Etxebizitzen eta lurren salmenta-prezioen arautzeari dagokionez, Aldako lehendakarietarik bat den Malika Peyraut-ek hausnarketarako bide batzu eta elkartearen proposamenak aurkeztu ditu.
Elkarteen herrixka
Egunak Patxa plazan ukan du segida, elkarteen herrixka moduan. Bertan, lurraren eta etxebizitzaren arloan lanean dabiltzan Euskal Herriko hainbat elkarteetako erakusmahainak eta erakusketak baziren, bai eta ere hainbat animazio.
RNren boterera heltzearen kontrako elkarretaratze-mitina.
Arratsalde apal honetarako antolatua zen egitaraua egoera berriari egokitu zaio. 18:30etatik goiti elkarretaratze-mitin bat egin da, hitzartzeez eta hainbat artistek botaturiko erresistentziaren aldeko kantuez osatua; azken hauek jendeak gogotik arrahartu ditu.
Aldako bi lehendakariek, Ainize Butronek eta Malika Peyrautek, oroitarazi dute mobilizazio kolektiboak etxebizitzaren arloko garaipenak erdiesteko balio izan dutela: Airbnb-ren kontrako konpentsazioa, alokairu-kontratu iruzurtien kontrako borroka, bizitegi sozialak alokatzaileen artean trukatzeko tresna, alokairuen arautze azkartua, Iñaki Echaniz eta Annaïg le Meur-en tentsio-eremuetako alokairu-merkatuan diren desorekak konpontzeko xedea duen lege proposamena.. Baina hauxe ere azpimarratu dute: heldu diren legebiltzarreko bozetan, RNk irabaziko balu, garaipen horiek guziak eta gehiago mehatxatuak liratekeela.
Abbé Pierre Fundazioko Christophe Robertek, bere aldetik, ondokoa adierazi du: “RN boterera heltzeak atzerapausoak ekarriko ditu elkarte-askatasunetan, RNk duen elkartasunaren eta anaitasunaren kontrako proiektuaren bidez, baina baita etxebizitza-eskubidean ere, adibidez, etxebizitza sozialaren eraikuntza inposatzen duen SRU legearen ahultze nabarmenarekin”.
Mobilizazio zabal eta deliberatua
Se loger au Pays – Herrian bizi plataformako Gaby Aresteguik, eta Etxebizitzaren Estatu mailako Konfederazioko Etienne Macias-ek etxebizitzaren alde egunero lanean ari diren hainbat elkartek (1) izenpetu adierazpen bateratua irakurriz bukatu dute mitina, honako deia eginez: “etxebizitza eskubidea denentzat izatearen zein biztanleak Herrian bizitzeko eskubidearen aldeko guziak deitzen ditugu ahal bezain laster mobilizatzera, ausarki eta deliberatuki, hilabete hondarrean RN boterera heltzea oztopatzeko”.
Tokiko hainbat taldek animaturiko mukurru betea zen kontzertuarekin bukatu da gaualdia. Orotara, 1000 pertsonatik goitik parte hartu dute Auzolan – Etxebizitza eskubidearen egunaren lehen edizio honetan.
(1) Alda, Atherbea, Bizi, Confédération Nationale du Logement (CNL 64), Confédération Syndicale des Familles (CSF), Fondation Abbé Pierre, Habitat et Humanisme, plateforme Se loger au Pays / Herrian Bizi