Konfinamendu garaian Aldak bere karrikako inkesta gelditzen du
Joan den urriaren 12an, Alda mugimendu berriak «Eta aldatzen balitz» karrika inkesta handia abiatzen zuen Baionan. Lehen emaitzak bihotz-sustagarriak izan dira: Lahubiaguen, Polo-Beyrisen, Balichonen, Habas La Plainen, Zitadelako auzoan, Gaskoinen plazako merkatuan, ZUPeko barra handian edo Grand Basque auzoan, zonbait egunez ehun bat pertsona hurbil topatu ditugu. Harremana arras erraza izan da gehienetan eta solasaldiak biziki aberatsak eta esanguratsuak izan dira. Auzo horietako biztanleen beharrak eta arazoak, bai eta haien gogoak eta nahikundeak zoin diren ulertzeko ahala emaiten duten horrenbeste lekukotasun.
Konfinamenduari egokitzeko, mementoan karrikako inkesta horren gelditzea deliberatu du Aldak. Konfinamendua bukatuko delarik berriz hasiko dugu.
Anartean, nahi dutenek inkesta linean betetzen ahal dute lotura hauen bidez: https://www.alda.eus/eu/gure-ekintzak/
Hala ere, konfinamendua bukatu arte Aldak ez ditu bere aktibitateak gelditzen, justu alderantziz. Ondoko asteetan, hortzez eta haginez lanean ariko gira segidaren prestatzeko, sekulan baino gehiago segur baigira jendarte eta auzo herrikoietako jendeei pisua ukaiteko ahala, elkartasun sare batzuetan elkartzeko ahala eta haien bozen entzun arazteko ahala emaiten dien proiektu bat beharrezkoa dela.