2023ko abenduaren 18an, Baionako auzitegiak erabaki harrigarri bat eman du Numean bizi den jabe batek 60 urte dituen Fabrice Dupont Biarrizko apartamenduan zuen alokatzailearen kontra jarria zuen salmentarako kanporaketa prozedurari begira. Fabrice Dupontek 60 urte izateaz gain buruko odol kolpe baten ondorioz elbarritua da. Fabricek estudio bat alokatzen du 2005eko martxoaren 31tik eta beti alokairua ordaintzeaz gain etxebizitza ongi zaindu du. Hau da, jabearen hondarea aberasten eta finantzatzen handizki lagundu du. Azken horrek estudioa saltzea erabaki du, eta hori legez egin dezake. Baina zendako ez du saltzen Dupont jauna barnean atxikiz? Hor ere arazorik gabe egin zezakeen, saldu ahal izateko kanporaketa horrek aditzera ematen duen bezala irabaziak emendatzearen borondatea duelako ez bada. Zeren etxebizitza garestiago salduko du hutsa baldinbada, eta horretarako zalantza izpirik gabe elbarritua den 60 urteko gizon bat kaleratzen du.
Sareetan harrapatua
Elbarritu pentsioarekin Dupont jaunari ezinezkoa izango zaio parke lokatibo pribatuan beste etxebizitza bat aurkitzea. 20 urtez inongo arazorik sortu ez duen alokatzailea etxebizitza sozial eskaera pausatu du kanporaketa agindua jaso duelarik. Ez du orduz geroztik parke sozialean berriz aloitzeko proposamenik jaso. Bere aterabide bakarra DALO errekurtsoa pausatzea da. Baina Ipar Euskal Herrian etxebizitza soziala galdetzaile bezala hiru urteko aitzinekotasuna izan behar da holako errekurtso bat egin ahal izateko, departamenduko beste zonalde guztietan epea urte betekoa delarik. Dupont jauna bere esku ez den sare batean harrapatua da inongo aterabiderik gabe. Ipar Euskal Herriak pairatzen duen etxebizitza krisiaren bilktima da. Aldiz, bere irabaziak emendatzeko etxetik kanporatzen duen jabeak krisi horretan parte hartzen du. Bere etxebizitza seguruenik bigarren etxe bat bilakatuko da Dupont jaunaren eraikinean dauden etxeen hiru herenak bezala.
Harridura eta emozioa
Pentsatzen ahal genuen auzitegiak elementu horiek kontutan hartuko zituela. Baina ez da hala gertatu: auzitegiak Dupont jaunaren kanporaketa agindu du eta lau hilabeteko epea besterik ez dio eman lekuak husteko, 2024ko apirilaren 11a, alta legez hamabi hilabete uzten ahal zizkion. Dupont jaunaren kasuan DALO errekurtsoa soilik epaitegiak kanporaketa erabaki orduko egin daiteke, eta botere publikoek hiru hilabete dituzte kasua aztertzeko, eta beste 6 hilabete berriz aloitzeko aterabide bat emateko. Elbarritua, soldata txikikoa eta 60 urteko gizon bat ukitzen duen erabaki horrek harridura eta emozioa pizten digu. Baina ez da horretan bukatzen.
Biktima erantzule izendatua
Ebazpenak dio: “ez legoke zuzena Andereari (jabea) prozedura honetan aurreratutako gastuetan sartzen ez diren fresa errepikaezinak ordainaraztea. Ondorioz, komeni da Fabrice Dupont jauna kondenatzea eskatzaileari 500 euroko diru zama isurtzea prozedura zibilaren kodigoko 700 artikuluaren dispositiboa aplikatuz”. Bizitzeko hilean 1000 euro baino gutxiago dituen pertsona bat kondenatua da ondorioz 500 euro ordaintzea bere etxetik kanporatzen duen pertsonari. Jakinez azken horrek hamar edo 20 mila euro gehiago irabaztearen helburua duela eginen duen salmentarekin. Salmenta horrekin orotara hain zuen ere 170 000 euro eskuratuko ditu! Zuzentasunaren izenean alokatzaileak bere burua kanporatzeko aurreratuak izan diren gastuetan parte hartu behar du jakinez jabeak inongo arazorik gabe apartamendua saltzen ahal zuela hura barnean atxikiz. Fabrice beraz erasotzen dion gaitz itsuaren eta bihotzkabearen erantzule izendatua da! Ipar Euskal Herriko biztanleak, eta berezikiago parke pribatuko alokatzaileak, Fabrice Dupontek jaso berri duen Damokleseko ezpata batekin bizi dira buru gainean eta, horiek erabaki hori oso bortizki jasotzen dituzte. Aurkia binperrez egindako munduaren gustu garratza. Noiz arte?
Fabricen aldeko sustengu gaualdia
Aldak sustengu gaualdia antolatzen du eta irabazi guztiak Fabricei emanak izanen zaizkio garai zail hori gainditzen laguntzeko eta justizia gastuei aurre egiteko. Bildutako dirua baliatua izanen da ere alokazio kanporaketen biktimak diren beste pertsonek eta familiek kanporaketa horiek mugatzeko bultzatuko duten kanpaina diruztatzeko. Zatozte denak eta gomita zuen inguruan zabaldu.
Sustengu gaualdia otsailaren 24ean larunbatez Epaiska lokalean (Pannecau karrika 4), arratsaldeko 6etan Baionan. Musikariak eta pintxo-aperitifa: ez duda eta ekarri jatekoa, hau da pintxoak, tortillak, omeletak, pizzak, kitxeak etabar.