Klima Planaren diagnostikoaren arabera, Ipar Euskal Herrian ondoko urteetan, 20 000 bigarren etxebizitza sortuko dira!
1999-2017ko tartean, urtero 843 bigarren etxebizitza berrietarik, bataz beste 277 eraikuntza berriak ziren, eta 566 bizitoki zahar erosiak.
2021-2026ko tartean, Euskal Bizilekuen Tokiko Programak 892 bigarren etxebizitza aitzin ikusten ditu urtero, eta “ustegabeko ttipitze bat eraikuntza berrien arlotik datozenetan” hots, bizitoki zaharretan presio oraino handiagoa (600-700 bigarren etxebizitza berri urtero sortuko direlarik jadanik hor diren bizitokietan).
Bizitegi horien gaur egungo alokatzaileek lehentasuna badute beren etxebizitzaren erosteko 6 hilabeteko legezko epean, baina ez dute inondik ere bigarren etxebizitzen bila dabiltzan erosleen proposamenen heineko maileguen egiteko baliabiderik. Horren ondorioa da ontasun horiek alokatzen zituzten familiak karrikara botaiak direla.
Horrelako egoerak gero eta gehiago ikusten ditugu gure inguruan. Fenomeno hori izigarri bortitza da, denek gutiziatzen duten euskal kostaldeko gune tirabiratsu honetan, gaur egungo alokatzaileentzat laztura sortuz. Bizilagunek beti bizi izan diren eta lan egin duten lurraldean bizitzen eta zahartzen segitzen ahalko dute?
Merkatu hotz eta bihozgabearen legearen errealitate anker honen parean, hemengo Herriko Etxeek ez dute kasik neholako neurri eraginkorrik fenomenoa geldiarazteko edo moteltzeko. Bigarren etxebizitzetan ezarritako zerga gehigarriak, %60ko tasa osoa izanik ere, ez du batere eraginik etxebizitza-jabe aberatsenen gainean. Horregatik, denak batean, eta fenomeno bera pairatzen duten beste lurraldeekin, mobilizatu behar gira legezko neurri berriak eskatzeko, Herriko Etxeek eta Hiriguneek beren lurraldetan bigarren etxebizitzen kopurua muga dezaten eta urte osoan hor bizi diren biztanleak babes ditzaten. Adibidez, Suitzak herri bakotxaren bigarren etxebizitzen kopurua bizitokien %20ra mugatu du, eta Tirol austriarrak bizitokien %8ra. Beste proposamen batzuk badira mahai gainean, hala nola, zerga berezi bat, edo bizitzaile estatus bat, gutienez urtebetez lurralde batean bizi izatea eskatzen duen baldintza, bertan erosi ahal izateko (5 urtez, Italiako Bolzano eskualdean).
Baina herrialde honetako biztanleak babestuko dituen legea jin artean, guhaurek, gure ahalekin, babes lan hori egin behar dugu, beti kolektiboki eta bortizkeriarik gabe. Adibidez, Alda jadanik egiten ari den bezala, bigarren etxebizitza edo apartamendu turistiko hornitua egiteko helburuagatik saldua den bizitegia utzi behar duten alokatzaileen kontrako kanporatze prozedura saihesteko mobilizatuz. Baita haien prezio, kokapen edo lehenagoko erabileragatik asaldagarriak diren bigarren etxebizitza berri batzuen okupazio sinbolikoaren mugimendua abiaraziz ere, Euskal Herrian erosi nahi duten pertsonei efektu eragozgarria sortzeko. Hedadura handiko mobilizazio eta ekintza deliberaturik gabe, ez dugu lege aldaketarik ukanen fenomeno suntsitzaile hau mugatzeko.