Polo Beyris

Bakoitza bere kaiolan ?

Auzoetako zerbitzuen etengabeko desegiteari gehitzen zaio orain, Polo-Beyris-eko posta bulegoa hesteko mehatxua. Mota horietako politikek oso ondorio zehatza dute: garai bateko Baionan bizitza soziala zuten auzoak, non biztanleak elgartzeko zein erosketak egiteko erdigune bat bazen, ohetegi auzoalde bihurtzea.

Zorigaitza behartsuenei!

Koronabirusaren krisiak eta herekin etorri diren bi konfinamenduek, joera bereziki arriskutsua areagotzen dute ere; sistema ekonomiko kapitalista honek, norbanakoaren izaeran hesten gaitu besteengandik banandurik. Geroz eta isolatuagoak eta ondorioz, geroz eta ahulagoak eta hauskorragoak. Lehengo harreman sozial aberats eta doakoak, banakako kontsumo garesti eta gizatasunez pobretzen gaituztenetaz ordezkatuak izaiten ari dira. Ondasun gehiago, harreman gutxiago. Eta guzi hau ordaindu ezin dutenentzat zorigaitza!

Bizi osorako konfinatuak?

Konfinamenduak erakutsi du zorigaitzez, giza harremanak gutxienera murrizturiko jendarte bat teknikoki posible dela. Hilabeteak, urteak ere egon gaitezke etxetik telelanean, janariak Amazon edo Cdiscount-en manatuaz, Uber Eats-ek banaturiko otordu prestatuak eskuratuz, bideo jokoetara jolasten edota denbora mugagabean Netflix ikusten. Harreman sozialak facebook edo whatsapp bidez bakarrik edukiz.

Jadanik Japonian, ehun milaka gazte horrela bizi dira, bakarrik, beren etxean zerraturik, beren apartamentutik, edo berrdin ganbaratik, sekulan ateratu  gabe. « Hikikomori »-ak deituak dira.

Futboleko baloietik gameboy-ra

ZUPako biztanle batek duelangutti Aldari kondatzen zion « gazte nintzelarik, gutariko batek Eguberriko futboleko baloi bat ukan zuen. Parada baliatzen ginuen eta egun osoak pasatzen ginituen kanpoan elkarrekin jostatzeko. Orain, joko kontsola eskaintzen da haurrei, eta bat batean, beren apartamentuetan hetsirik egoten dira bakarrik eta binazka. Hots, ttipidanik altxatuak dira bazterturik bizitzeko, proposatuak zaizkien jokoen ezaugarriak direla medio ».

Elkarrekin…

Hor dugu, amesten dugun jendartea? Ez, noski, baina, ohartu gabe ere, egunero eraikitzen dugu pixka bat gehiago. Biztanleen artean loturak, ekintza kolektiboa, lagungiro amankomuna, “denak elkarrekin” ahal bezainbat arlotan…  birsortu nahiz, Aldak sinesten du posible dela haize kontra joaitea. Elkarrekin… bada zer egin!

Berripaperari harpidetzen naiz