Urriaren 21-eko astelehen honetan, alokairuen mugatze indartuaren nondik norakoak finkatzen duen erabakia izenpetua izan da. Azaroaren 25an indarrean sartuko dela aurreikusten da. Aldak txalotzen du neurri honen aplikapena tentsiopeko eremuetan alokairuen emendatze bortitza geldiaraziko baitu eta etxetiarrei parke pribatuan alokatzen segitzeko aukera emanen baitie.

Alokairuak mugatuak

Tentsiopeko eremuetan, jadanik ezinezkoa da bi alokatze kontraturen artean alokairua igotzea IRL indizearen gorabeheretatik kanpo. Alokairuen mugatze indartuak urrunago joateko aukera ematen du, gehieneko alokairu-prezio bat finkatuz eta berau gainditzea zigortuz. Gaur izenpetu den erabakiak gehieneko muga horiek, “erreferentziazko alokairuen gaineko mugak” irizpide ezberdinen arabera finkatzen ditu: tentsiopeko eremua 3 gune geografikoetan zatitua da, eta etxebizitzak gela kopuruaren, eraikitze dataren, kontratu mublatua ba den edo ez den, apartamendua edo etxea den arabera banatuak dira. Fase honetan, soilik tentsiopeko eremu historikoko (1) 24 herri hunkiak dira..

Alokairuen mugatze honek kolpez geldiaraziko du alokairuen emendatze bortitza, baina baita salmenta prezioena ere. Izan ere, nahiz eta jabeek ezin zuten jadanik alokairuan ziren etxebizitzen alokatze prezioa libreki emendatu, etxebizitzak alokazioan jarri berri zituzten jabeek arazorik gabe proposatzen ahal zituzten batazbesteko prezioak gainditzen zituzten alokairuak. Ondorioz, prezioen emendatze orokorrean eragin zuzena zuen, alokairu karioagoak eskaini ahal izateak ondasunak garestiago saldu ahal izatea errazten baitu.

Urraspide boluntarista

Euskal Hirigune Elkargoa alokairuen mugatze indarturako hautagai izatea, jendarte zibilaren mobilizazio azkar baten ondorioz Elkargoko hautetsiek eta Jean-René Etxegarai lehendakariak aintzina eraman duten urraspide boluntaristaren fruitua da. Hain zuzen ere, Aldak 2021eko ekainean jadaneko ezarria zuen gai hau mahain gainean “Etxebizitza krisia Euskal Herrian: 5 larrialdi” bere diagnostikoan (2), eta Herrian Bizi – Se loger au Pays plataforma bateratuaren eskaera nagusietarik bat izan zen plataformak antolaturiko 2021eko azaroaren 20ko manifestazioan, non 8000 pertsona atera ziren Baionako karriketara etxebizitza eskubidearen alde.

Alokairuen mugatze indartua aitzinamendu handia da, herrian bizitzeko eskubidea defendatzen laguntzen baitu. Etxebizitzaren krisiari konponbide eraginkorrak topatzeko deliberatuak diren eskualdeko hautetsien engaiamendua txalotzen du Aldak. Estatu frantses mailan dispositibo hau esperimentatzen duten 7 lurraldeen taldean sartuz, Ipar Euskal Herriak neurri honen eraginkortasuna frogatzeko ardura partekatua ukanen du, neurri honek 2026 urte hondarrean bukatuko den epe esperimentalaz gaindi iraun dezan”, analisatu du Ainize Butron Aldako ko-lehendakariak.

Zerbait frogatzen duten ondorioak

Hain zuzen ere, alokairuen mugatze indartua 2018ko Elan legeak plantan ezarri zuen eta 2022ko 3DS legeak iraunarazi duen dispositibo esperimentala da. Gaur egun honako herrietan testatua da: Parisen (2019az geroz), Lillen (2020), Plaine Communen (2021), Lyon eta Villeurbannen (2021), Est Ensemblen (2021), Montpellierren (2022) eta Bordelen (2022). Ipar Euskal Herriko 24 herriak eta Grenoble – Alpeak Metropoliko 21 herriak lurralde pilotuen taldera batzen diren azken herriak dira.

Lehen esperimentazioek emaitza biziki baikorrak eman dituzte mekanismoa plantan ezarria izan den lekuetan. Apur, Pariseko hirigintza agentziak (3) egin ikerketa ekonometrikoan agertzen denaren arabera, 2019ko uztailaren 1etik 2023ko uztailaren 1era Pariseko alokairuen %4,2-ko apaltze bat eragin du alokairuen mugatzeak, arautzerik gabeko egoera batekin konparatuz. 2022ko uztailaren eta 2023ko ekainaren artean, neurri honek urtean 1164€ aurreztarazi die alokatzaileei. Denboran zehar sendotzen diren ondorioak dira hauek, eta bereziki sentitzen dira etxebizitza tipienen kasuan. 2024an argitaratu den Abbé Pierre Fundazioko 4.en barometroak (frantses Estatu mailan alokairuen mugatze indartua zaintzen duena) iruzurrezko iragarkien urraskako apaltze bat erakusten du, 2022an %32 izatetik 2024an %28 izatera igaro baitira (4).

Muga gainditzen duten alokairuak?
Sartu harremanetan Aldarekin!

Esperimentazio hau arrakastatsua izan dadin Ipar Euskal Herrian, beharrezkoa da alokatzaile zein jabeek araudi berria ezagutu dezaten, eta lehen kontrolak eta zigorrak plantan ezar daitezen”, adierazi du Malika Peyraut Aldako ko-lehendakariak. Prezio ilegalak dituzten alokatze-kontratu berrien izenpetzeen kasuan, alokatzaileak alokairua izenpetu eta hiru urte arte ditu gehiegi ordaindutakoa itzul dakion galdetzeko. Jadanik existitzen den alokatze-kontratu baten kasuan, alokatzaileak kontratuaren berritzea baino bederen 5 hilabete lehenago galdetu behar dio jabeari alokairua apaltzeko. Honek uko egiten badio apaltzeari, alokatzaileak Departamenduko Adiskidetze Batzordearengana jo dezake, eta konponbide adeitsurik atzeman ezean, justizia zibileko auzitegiarengana jo dezake. Honelakoetan, jabea gehiegi kobraturikoa itzultzera eta isunak ordaintzera arriskatzen da; 5.000€-ko isuna pertsona fisiko baten kasuan eta 15.000€-koa pertsona moral baten kasuan.

Alda alokatzaileak haien urraspideetan laguntzeko antolatuko da. Alokatzaile bazara eta zure alokatze-kontratuaren epea bukatzear izanki, gehieneko prezioa gainditzen badu; edo gehieneko prezioa errespetatzen ez duen alokatze-kontratu berri bat izenpetzear bazara, Aldak dei egiten dizu elkartearekin lehenbailehen harremanetan sartzeko, zure eskubideak errespetarazteko”, bukatu du Makila Peyrautek..

Baiona, 2024ko urriaren 21ean

Prentsa harremana: Malika Peyraut 06 88 48 93 68

(1) Barnebilduak diren 24 herriak hauek dira: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Hiriburu, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Miarritze, Milafranga, Mugerre, Urketa, Urruña, Uztaritze, Ziburu.

(2) https://www.alda.eus/wp-content/uploads/2021/06/Crise-du-logement-en-Pays-basque-les-5-propositions.pdf

(3) https://www.apur.org/sites/default/files/12p247_effets_encadrement_loyers_paris.pdf?token=3skX2Hco

(4) https://www.fondation-abbe-pierre.fr/sites/default/files/2024-09/BAT_BD_Encadrement%20des%20loyers%202024_A444_0.pdf